Joan den abenduaren 2an Bizitegi Elkarteak (Beharrean dauden pertsonei laguntzeko eta gizarteratzeko elkartea) Giza Eskubideen aldeko jardunaldi bat egin zuen Bilboko Bilborock aretoan, “Eskubideei abesten“ lelopean.
Jardunaldiak aldarrikatzeko xedea zuen, eta baita jaia ospatzeko asmoa ere. Horregatik, pertsona behartsuak artatzen dituzten profesionalek eta erabiltzaileek musika ekitaldiak eta antzezlan txikiak egin zituzten; irudiak proiektatu ziren,...
Lekua beterik egon zen, eta denok gozatu genuen jardunaldiaz. Eguraldiak laguntzeaz gain (zoragarria izan zen) lagun zahar eta berriak topatu genituen. Eskuzabaltasun osoz, lagundu zutenetako bat Francis izan zen, “Dr. Deseo” taldeko kantaria; lehenengo, guk “The Beatiful Brains”-ek, kantatu genuen bi kantetan parte hartuz (ezagutzen ez gaituzuenok jakin behar duzue psikiatrak garela ia taldekide guztiok), eta gero bere tema ezagunenetako batzuk kantatuz (beste batzuek lagunduta, hor bai: gitarra jotzaile bat, korista bat eta kajoia jotzen duen musikari bat).
“The Beautiful Brains”eko taldekideak beheko argazki batean agertzen gara Francisekin hizketan, oso gustura, behin kontzertua amaiturik. Kalakan argitu zigun nola konposatzen duen; eta ohartu ginen psikologiaz eta psikiatriaz duen ezagutza handiaz (harrigarria zer handia den) eta egiten duen lan altruistaz. Izan ere, urteetan hartu du parte Bizitegiren jardunaldi hauetan.
Eva Garnica.