Lmentala: 94. zk.- 2021eko abendua / Nº 94. - Diciembre 2021
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Buletina posta partikularrean jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: lmentala@osakidetza.eus

SAREA GARA

Zure osagaia inportantea da: 2022-2025 Plan Estrategikoa

BOMSeko Plan Estrategiko Berria kozinatzeari ekin diogu. Hasiera eman diogu BOMS 2025 urtera arte gidatuko duten erronka berriez hausnartzeko aldiari, eta parte hartzera gonbidatzen zaitugu, zeuk ere baduzu zer esanik.

BOMSeko pertsona guztiok ekarpenak egin ditzakegu, osagaiak gehituz menu berezi honetara. Horretarako guztiz anonimoa den galdetegia bete dezakezu eta aukera duzu galdera guztiei erantzuteko edo, zuk aukeratutako galderei baino ez. (Behean duzu galdetegia betetzeko esteka).

Osakidetzako beste erakundeak eta kanpoko erakundeak ere gonbidatu ditugu.

Ez ahaztu galdetegia betetzea abenduaren 15a baino lehen, zure osagaia inportantea da eta.

(Ikus bideoa beheko estekan)

Erlazionaturiko Loturak

  1. Zure osagaia inportantea da (Bideoa)
  2. Galdetegian sartu

Urriaren 28an, Elkarrekin Ikasten VII. Jardunaldia izan zen Deustuko Unibertsitatean

Urtero bezala gaien aldetik anitza eta aberatsa izan zen, BOMSeko arlo ezberdinetako profesionalek hartu baitzuten parte.
Bertaratu zirenek aukera izan zuten hainbat proiektu eta aurkezpen interesgarriren berri izateko:

- Nola kudeatzen diren BOMSen euskararen normalizazioa eta berdintasuna,
- Osasun mentalak duen eragina eta presentzia musikako letretan, eta musikari osptetsu batzuen bizitzan,
- Zaldibarko ospitaleko harrerako telefonoan antzemandako beharrak, pazientearen familiari konfiantza emateko eta pazienteen lekualdatzean segurtasuna bermatzeko
- Ospitaleetako osasun mentaleko erizaintzako zainketen teknkariek unitateetan egiten duten programa pazienteei aisialdi terapeutikoa eskaintzeko, eta horrek dituen onurak pazientearentzat.
- Eguneko ospitalean lanean diharduten profesionalek nola erantzuten dieten osasun mentaleko gaixotasunak dituzten nerabeen beharrei.
- Adinekoen egoitzetan BOSMeko profesionalek Bizkai osoan zehar ematen duten arretaren gorabeherak

Ekitaldi honetan ohitura den legez, profesionalen aintzatespenak itxi zuen ekitaldia.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Aurkezpenak eskuragarri daude esteka honetan:

BOMSeko langileei aintzatespen hunkigarri eta berezia

Urriaren 28ko Elkarrekin Ikasten Jardunaldia amaitzeko aintzatespenen ematea egin zen, urtero legez. Aurten, baina, aintzatespen berezia izan da; bideo hunkigarri batek hasiera eman zion BOMSeko profesional guztiak aintzatetsi nahian. Aintzatespena orokorra izan da, pandemia garaian izan duten konpromisoa, kidetasuna, elkartasuna, profesionaltasuna eta giza kalitatearengatik.

Zuzendaritzak banan-banan deitu zien lanbide-kategoria bakoitzeko pertsona ordezkari bati diplomaren bila irten zedin.

Bestalde, aintzatespena jaso dute Bermeoko Ospitaleko 3. Errehabilitazioko Unitateko profesionalek euren inplikazioa, konpromisoa eta parte hartzeagatik lan-talde bat sortzean, euren unitatean euskararen erabilera sustatzeko, eta baita ezarritako helburuak lortu duten arrakastagatik ere.

Argazki bilduma

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen XI. Jardunaldiak

Joan den azaroaren 4an eta 5ean egin ziren, Euskalduna Kongresu Jauregian. Bi urte eta erdiko ezinbesteko geldialdiaren ondoren, deia egin genien sareko profesionalei esperientziak partekatzeko eta gure asistentzia-lanerako garrantzitsuak diren gaiak jorratzeko.

Izena eman duten 300 pertsonak baino gehiagok parte hartu ahal izan dute antolatutako jardueretan: bost mahai tematiko, asistentzia-esperientziak aurkezteko bi mahai, bi tailer eta amaierako hitzaldia; 30 hizlarik baino gehiagok hartu dute parte. Jardunaldietan zehar bideo bat aurkeztu zen, gure 2022-2025 Plan Estrategiko berriaren prestaketan guztion parte-hartzea eskatzeko eta iragartzeko.

Datozen asteetan profesional guztien eskura jarriko ditugu aurkezpenak, pdf zein bideo formatuetan.

Genero-indarkeriari buruzko gidaren zabalkundea

Eusko Jaurlaritzak, zehar-lerro gisara, berdintasunaren kultura eta genero-bereizkeriaren aurkako borroka bultzatzen ditu. Halatan, Osakidetzak konpromisoa hartu du emakumeen kontrako bortxakeria-mota guztiak prebenitu, antzeman eta horietan esku hartzeko, zeren osasun publikoko arazo nagusietako bat baita nazioartean, OMEk adierazitakoaren arabera.

Eraso matxistak jasan dituzten emakumeek osasun zerbitzuetako profesionalengana jo ohi dute lehendabizi. Izan ere, emakumeek berek aitortzen dute osasun-langileengan dutela konfiantza gehien horrelako egoeretan. Gaur egun, Osakidetzak genero-indarkeriazko gertakari asko antzematen ditu, eta horrek adore ematen digu indarrean dauden prozedura eta protokoloak hobetzera.

Horiek horrela, 2019an eguneratu zen 2008an argitaratutako osasun profesionalentzako genero-indarkeriari eta eraso sexualei buruzko gida, guztiok eskura ditzagun kasu horietan gure jarrera hobetzen jarraitzeko behar ditugun ezagutzak.

Aurtengo azaroaren 24an, gida honek jaso du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren “Menina aintzatespena”, Euskadiko entitate, elkarte, erakunde eta partikularrei ematen diena, emakumeen aurkako edozein motatako indarkeria errotik erauzteko egiten duten lana saritu eta babeste aldera.

Gure erakundeko Genero Indarkeriaren Aurkako Batzordeko kideek lan handia egin dute, gure zentro eta ospitale guztietan, gidari zabalkundea emateko eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko langile orori ezagutarazteko. Halatan, 35 saio egin dituzte denera: 23, arlo komunitarioan; 5, Bermeoko Ospitalean; 4, Zaldibarko Ospitalean, eta 3, Zamudioko Ospitalean. Beroietan parte hartu dute 508 lagunek (420 emakumek eta 88 gizonek), lanbide-kategoria guztietakoak.

BOMSeko Genero Indarkeriaren Aurkako Batzordeak parte hartuko du Osakidetzako Zerbitzu Zentralek antolatu duten Genero-indarkeriari buruzko X. jardunaldian: “aitortzea, zuzentzeko; zuzentzea, osasuna berreskuratzeko”, erakundean egindako zabalkunde-lana aurkezteko asmoz, beste erakundeek ezagun dezaten, eta iradokitzailea gerta dakien.

Mavi Espinosa Pastor

Erlazionaturiko Loturak

  1. Genero-ndarkeriaren aurkako gida

Bizkaiko Medikuen Elkargoak mediku tutore eta irakasleak saritu ditu

“Osasunarekiko Konpromisoaren XI. Sariarekin” Bizkaiko Medikuen elkargoak ikusarazi nahi ditu, eta, aldi berean, jendaurrean eskertu, Osasun Prestakuntza Espezializatuan aritzen diren medikuek duten konpromisoa eta egiten duten lana.

“Bilbo, 2021eko urriaren 21a. Bizkaiko Medikuen Elkargoko Zuzendaritza Batzordeak, aho batez, onetsi zuen, joan den urriaren 18an egindako bileran, Osasunarekiko Konpromisoaren XI. Saria ematea mediku tutore eta irakasle guztiei. Aintzatespen horren bidez, ikusarazi eta eskertu nahi da medikuntzako profesional horien guztien ahalegina, konpromisoa eta egindako lana, irakaskuntza eta euren lan-arloko eginkizunak uztartu dituztelako, eta Elkargoaren ustez, ez dagoelako nahikoa aintzatetsita eta balioetsita”.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Irakurri albiste osoa erantsitako artxiboan.

Entzun! podcasta, euskara ikasi edota praktikatu nahi duten Osakidetzako langileentzako baliabide berria

Euskara ikasten ari diren edo euskara praktikatu eta sakondu nahi duten lankideei begira Entzun! podcasta sortu dute Osakidetzako Gipuzkoako euskara-teknikariek.

Zazpi bat minutuko iraupena du Entzun! podcast bakoitzak eta bertan kaleko euskara, euskara praktikoa entzun ahal izango dute Osakidetzako lankideek. Gaiei dagokienez, Osakidetzako lanari lotuta daude.

Entzunezko bakoitzean, bi lagunen arteko elkarrizketa entzun ahal izango da eta baita Osakidetzako aditu batek gaiaren inguruan duen iritzia ere. Entzunezkoarekin batera elkarrizketaren transkripzioa argitaratu da pdf formatuan; horrek autonomia emango die lankideei entzunezkoak edonon eta edonoiz lantzeko.

Atal bat sortu dugu BOMSeko Intraneten.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Entzun! Podcasta

Akreditatu dute BOMSeko Etika Asistentzialeko Batzordea

Osasun sailburuordeak, 2021eko urriaren 28an, ebatzi zuen akreditazioa ematea BOMSeko Etika Asistentzialeko Batzordeari, eta horixe izan zen lantalde sustatzailearen bost urteko ibilbidearen amaiera. Lantaldean parte hartu dute, arauan ezarritako moduan, BOMSeko diziplina ezberdinetako profesionalek eta osasun-arlotik kanpoko legelari batek, osasun-gaietan ezjakina denak.

Etika Batzorde hau diziplina ezberdinetako giza talde batek osatzen du, bioetikan aditua dena. Batzuk osasun arlokoak edo eremu soziosanitariokoak dira, eta beste batzuk, osasun-arlotik kanpokoak. Elkarrekin, egunerokoan asistentziaren inguruan sortzen diren auzi etikoak aztertu ez ezik, horiei buruzko aholkuak ere ematen dituzte (erabakiak konplexuak, zailak edo eztabaidagarriak badira moralaren ikuspuntutik), eta horretarako, bioetikaz baliatzen dira, erreferentzia eta tresna gisa.

Bioetikak, moralaren ikuspegitik, aukerarik hoberena bilatzen du (une jakin batean, egoera berezi batean, eta behin bakarrik gertatuko den zerbaiten gainean), legean ezarritakotik haratago, onena izateagatik hain zuzen ere. Helburua da erabakirik onena hartzen laguntzea kasu bakoitzean, baina erabakia ez da zertan berdina izan beti, ezta, derrigorrez, bakar bat izan ere. Etikaren metodologia oinarri duen gogoeta baten bidez, eragindako alde guztiak eta balio oro hartuko ditu aintzat. Gainera, Euskadiko Autonomia Erkidegoan, aholkularitza espezifikoa eskaintzea dagokio, eta horrekin batera, profesionalei prestakuntza ematea Eutanasia Arautzen duen Lege Organikoari buruz. Erreferentea: RSMB.CEA@OSAKIDETZA.EUS

Marian Larrinaga

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Artikulu osoa irakurri

BOMSeko intranetean nabigatzen (III)

BOMSeko profesionalok intraneta dugu informazio-kanal nagusietako bat. Bertan eskura ditzakegu guretzat oso baliagarriak izan daitezkeen albisteak, deialdiak, legezko informazioa, oharrak, bideoak eta abar. Hala ere, intranetak informazio ugaria duenez, batzuetan zail gerta dakiguke bilatzen duguna aurkitzea.

Abenduko zenbaki honetan, mintzagai izango dugu intraneteko “Profesionalen harrera BOMSen” atala, Sareko langileontzat erabilgarria izango delakoan.


L.E.

Erlazionaturiko Loturak

  1. BOMSeko intranetean nabigatzen (III)

Irakaskuntzako berripapera

BOMSeko Irakaskuntza Unitate Multiprofesionalak argitaratzen duen berripaperaren bigarren zenbakia. Berripaperaren helburua da, batetik, unitatearen funtzionamenduaren eta jardueren berri ematea eta, bestetik, BAME, BAPE eta osasun mentaleko BAEEn prestakuntzari lotutako albisteak argitaratzea.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Irakaskuntzako berripapera 2 (2021eko azaroa)

Hilero, ingurumeneko jarduera egoki bat

BOMSek profesionalon osasuna sustatu nahi du, eta gure lan-ingurunea hobetu: osasungarria, eraginkorra eta segurua izan dadin.

Horregatik, 2021ean ingurumeneko jardunbide egoki batzuk proposatu ditugu, eta abendurako ekimen interesgarri hau ekarri dizuegu: “Erabili folioak bi aldeetatik”.
Horrekin guztiarekin, bi helburu lortu nahi ditugu, hausnarketa egitea proposaturiko gaien inguruan, eta gure ingururik hurbilena hobetzea.

Argazki bilduma

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zerbitzuak ezagutzen: TAK

Aldizkariaren zenbaki honetan tratamendu asertibo komunitarioko taldeak aurkeztu nahi dizkizuegu, baina ezagunago egingo zaizkizue TAK izena erabiltzen badugu, eta interesgarria izango da horiek ezagutzea, arreta emateko dauzkaten berezitasunengatik.

Bideo baten bitartez, gure lankide Jose Juan Uriartek TAK taldeen marko teorikoaren berri emango digu, eta Ana Uriarte eta Carolina Zurinaga Bilboko taldeko esperientzia praktikoaz arituko zaizkigu.

L. E.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Tratamendu Asertibo Komunitarioa

Intxaurrak burmuinarentzat

Eva Garnicaren “Intxaurrak burmuinarentzat” blogaren sarrera berria, psikiatria nutrizionalari eta bizi-ohitura osasungarriei eskainitako gunea.

Depresioaren, dietaren eta gaixotasun kardiobaskularren arteko erlazioa behin baino gehiagotan aztertu da; dieta eskasek, inflamazio-maila altuek edo omega3 maila baxuek eragindako elementu komunak. Dieta mediterraneoa egokia da gaixotasun kardiobaskularren aurka babesteko eta honako hauetan oinarritzen da: barazkiak, fruta, lekaleak, fruitu lehorrak, haziak, olibak eta bihi osoak, oliba-olio birjina estra koipe-iturri nagusi gisa, neurrizko arrain kontsumoa eta haragi eta janari prozesatuen kontsumo baxua.

Ikerketa berri honetan, (HELFIMED, https://pubmed.ncbi.nlm.nih.gov/29215971/) dieta maediterraneoak osasun mentalean oro har eta, bereziki, depresioan dituen onuren ebidentzia berriak jasotzen dira. Ondorioa da estatistikoki barazki gehiago eta askotarikoagoak, fruta gehiago, fruitu lehor gehiago eta lekale gehiago jatea depresio gutxiagorekin, antsietate eta estres gutxiagorekin eta osasun mental global hobearekin lotzen dela.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Dieta eta depresioa

“Moralitatearen arriskuak”: Elkarrizketa Pablo Malorekin

Ondo baino hobeto ezagutzen dugu Pablo Malo, Etxanizeko OMZko psikiatra, sare sozialetan egiten duen zabalkunde-jardueragatik eta haren blogengatik, hala nola “La Nueva Ilustración Evolucionista” https://ilevolucionista.blogspot.com/ eta “Evolución y Neurociencias” https://evolucionyneurociencias.blogspot.com/

Batez ere, psikologia eboluzionista interesatzen zaio, edo bestela esanda, giza portaera ikertzea eboluzioaren ikuspuntutik; baina, esan genezake eboluzioa bera dela giza portaera ulertzeko dagoen modu bakarra, eta baita moralitatea ulertzekoa ere.

Hona ekarri dizuegu argitaratu berri duen liburua, “Los Peligros de la Moralidad” (“Moralitatearen arriskuak” - ediciones Deusto), zeinetan moralaren gaia jorratzen duen: haren jatorria eboluzioaren ikuspegitik, gizartean duen zeregina, eta bizitzaren alderdi guztiak (zientzia, politika edo arte-adierazpenak) moralitatez blaitzeak dakartzan arriskuak.

“Mundua ez dute bakarrik egiten gauza onak burutzen dituzten pertsona onberek eta gauza txarrak egiten dituen jende gaiztoak; ongia egiten zuela uste zuen jendeak gauzatu egin baititu gaiztakeriarik handienak historiaren joanean”.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Elkarrizketa Pablo Malorekin

Erlazionaturiko Loturak

  1. La Nueva Ilustración Evolucionista
  2. Evolución y Neurociencias

Luis Martin-Santosen “Tiempo de Silencio”

“Tiempo de Silencio” (“Isiltasun garaia”) liburua Luis Martin-Santosek idatzi zuen hirurogeiko hamarkadan. Oso txalotua izan zen orduan, eta lortu zituen, aldi berean, batere erraza ez zen salmenten arrakasta eta kritikoen oniritzia.

Hizkuntza askotara itzuli zen garai hartan, eta zinemara eta antzerkira egokitu, baina, gaur egun, badirudi pixka bat ahaztuta daukagula.

Pedroren zorigaitzaz hitz egiten digu. Mediku gaztea kemenik gabekoa da, laborategiko ikerkuntzara emanda dago, eta gutxi daki bizitzaz. Nobel saria lortzearekin egiten du amets. Horren guztiaren aitzakian, egilea gerraondoko gizarte txiroaz, zikinaz eta batzuetan kirasdunaz aritzen zaigu, eta kritika zorrotza egin dio gizarte horri, begirada pausatuz, ez bakarrik beheko klaseen erdipurdikoen gauzetan, baizik eta gizarte osoaren kontu ziztrinetan ere.

Liburuak arrazoi askorengatik merezi du sekzio honetan egotea: lehenenik eta behin, Luis Martin-Santos psikiatra zela, eta guk hori zor diogu, medikuen arteko kidetasunari men eginda. Bigarrenik, Luis oso hurbil izan dugula, Donostian koskortu eta bizitzaren zati handi bat bertan egin zuelako. Hirugarrena dugu Luis Pachecok eta Pedro Muñozek, jadanik 2016. urtean, hari buruzko fitxa bat idatzi zutela “Psikiatriako Klasikoak” atalean (hona ekarri duguna, hain zuzen ere), eta laugarrena eta garrantzitsuena da, azkena izan arren, eleberri zoragarria dela, geldiro gozatu daitekeena, nahiz eta erraza ez izan, eta azaleratzen dituela iragan denborako alderdirik marjinalenak, gure gizarte-genetikan ondo errotuta daudenak.

“Un libro al día” blogean eleberriaren kritika labur irakur dezakegu.

Erlazionaturiko Loturak

  1. “Un libro al día” blogean eleberriaren kritika labur bat dugu irakurgai.

Komikiak eta osasun mentala

Juan Medranoren kolaborazioari esker, atal berri bati ekingo diogu Lmentalan, osasun mentalarekin zerikusirik duten komikiak eta eleberri grafikoak komentatzeko asmoz. Gainera, zenbaitetan material hau lagungarria izan daiteke gure pazienteentzat.

Lehen emanaldi honetara, “Los años del elefante” ekarri dugu, Belgikan eta Herbeheretan oso entzutetsua den Willy Linthout komikilariarena. Eleberri grafiko hau 2007an argitaratu zuen, haren semeak bere buruaz beste egin ondoren. Itzal handiko "Stripschapspenning" saria jaso zuen, urte horretako literatura-lanik onena izateagatik, eta baita Belgikako komikirik onenaren saria ere 2008an.

“Los años del elefante” hunkigarria eta lazgarria da, zuzena eta argia, nahiz eta egileak pertsonaia batez baliatu den haren arrangura eta etsipena adierazteko. Izan ere, “suizidiotik bizirik irten direnen” larritasuna eta mina islatzen ditu, baina baliagarria izan daiteke horien tragedia ulertzeko, eta aldi berean, konpontzen saiatzeko.



Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Los años del elefante

Elkarrizketa Aitziber Artecherekin

Elkarrizketa honetan, gure lankide Aitziberrek hizketagai izan du kirol-munduan egin duen lorpena, oso gutxiren eskura dagoena: belar-hockeyan Espainiako txapeldun izatea. Bere hitzei jarraituz, pixka bat gehiago ikasiko dugu kirol horren praktikaz, eta ekartzen dituen onura fisiko, mental eta sozialez.

Izan ere, dagoeneko guztiok jakin beharko genuke ariketa fisikoa funtsezko tresna bat dela gure osasuna zaintzeko, eta horregatik, bere esperientziak eredugarria eta iradokitzailea izan beharko luke guretzat, edozein kirol egitera anima gaitezen, oraindik egiten hasi ez bagara.

E.G.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Aitziber Artecheri elkarrizketa

Osasun Mentala eta Rock & Rolla (XIV): Peter Green

Peter Green 60ko urteetako bukaeran Londresen jaiotako Fletwood Mac rock-taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta garaiko blues britainiarraren ikur nagusietako bat. Britainia Handiko historiako gitarra-jotzailerik onenetakotzat jo izan dute.

70eko hamarkadaren amaieran, eskizofrenia diagnostikatu zioten, denboraldi batez LSD neurriz gain kontsumitu eta jokabide “xelebrea” izan ondoren, (jabetzen naiz garai hartako rockaren munduan inori ez zitzaiola erraza gertatuko bere jokabide bereziagatik nabarmentzea). Hala ere, seguru asko Peter Green beste inor baino nabarmenago geratuko zen bere rock-taldeak irabazten zuen diru guztia karitatera bideratzeagatik, eta azkenean, Londresko psikiatriko batean ospitaleratu zuten. Bertatik 1979an irten zen, eta berriro heldu zion musika-jardunari, behin Fletwood Mac-etik bananduta, zeina egundoko arrakasta lortzen ari zen Steve Nicks eta Christine McVie kantariei esker.

1984an berriro utzi zuen musika, eta hurrengo 6 urteak etxean bakartuta igaro zituen, harik eta 1991n, anaiak eta koinatak “erreskatatu” ostean, amaren etxean errekuperazio-prozesuari ekin zion arte, hura ezgaitzeko izapidea hastearekin batera. Guztiarekin ere, 1995ean Peter Green Splinter Group sortu zuen, eta 10 urtez 7 estudioko disko editatu zituen, eta beste bat, zuzenean; gainera, denbora horretan 1000 kontzertutik gora eman zituen. 2020ko uztailaren 25ean berez hil zen, 73 urte zituela.

J.U.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Hona hemen Peter Green eta bere taldea 2003an:

Argazki bilduma

Bizitza eredugarriak (edo agian, ez…)

Horren adeitasun handiz zenbaki honetan erantsi dizuegun 2022ko very luxurious egutegi hau prestatzeko asmoz, Etxea doktorea kirolaren izar zaharrei buruzko dokumentazioaren bila ari zen, eta bizitzaren kasualitateak direla eta, …

Lmentalako zientziaren jainko-jainkosek nahi izan zuten “gure Sabino” bertaratzea BOMSeko jardunaldietako suizidioari buruzko tailerrera, zeina Euskalduna jauregian egin zen joan den azaroan, kritika eta publikoaren arrakasta handiz, …

GOD SAVE HEAVY MENTAL!!!

Eta miraria gertatu zen gure heroien aparailu psikiko bineuronal xumean, non zorioneko txinpartak sortu ziren kaskartutako sinapsietan, eta hortik irten zen gaurko artikulua …

Ladies and gentleman, mutikoak, neskatilak, (neska-mutilak) … zuokin guzti@kin…

Jon Lizarraga

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Urtain, Zestoako morroskoa

2022ko egutegia

Hemen dugu jadanik Etxea doktorearen egutegi berezia. Eta oraingo honetan, haren protagonistak kirol-munduren figurak dira; horietako batzuk gure garaikideak, gutxi gorabehera, eta besteak, garai zaharretan izarrak izandakoak.

Jon Lizarraga

Erlazionaturiko Loturak

  1. Egutegiko sarbidea

ZORIONAK

Eguberriak heldu aurreko garai honetan, espero dugu aurten, azkenik, murrizketarik gabe gure jendearekin gozatu ahal izatea. 2021eko azken zenbaki hau aprobetxatu nahi dugu Gabonak zoriontzeko.

Eguberri on.

“Eguberriak asmoz beteriko paradoxa eder baten gainean daude eraikita: etxerik ez duten pertsonen jaiotza etxe guztietan ospatzea”.

G. K. Chesterton

94. zenbaki honetako kolaboratzaileak:

Beatriz Rodriguez Cabo, Paloma Acha, Eva Garnica, Jon Lizarraga, Leire Erkoreka Anda, Pablo Malo, Aitziber Arteche, Juan Medrano eta Mavi Espinosa

Erlazionaturiko Loturak

  1. Nola lagundu, eta Batzorde Editoriala
LOTURAK

> <